Kategoriak
Gizarte eta hezkuntzako prestakuntza

Erroak Sartu Elkarteko gizarte eta hezkuntzako taldeen bisita Donostiako Aquariumera

Erroak Sartu Elkarteko gizarte eta hezkuntzako taldeetan ematen diren euskara eskolak ixteko jarduera gisa, talde horietako parte-hartzaileek bisita bat egin dute berriki Donostiako Aquariumera.

Irteeran, Donostiako Udalaren Gizarte eta Hezkuntza Tailerretako Aurrera eta Bidean taldeek, Etengabeko Ikaskuntzako Tailerren Sareak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Eguneko Zentroak parte hartu zuten.

Horrez gain, Urrats Euskaltegiko irakasleen laguntza izan zuten, talde horietan euskararekin harremanetan jartzeko saioak ematen dituztenak.

Euskara eskolen helburua da gure kultura eta hizkuntza parte-hartzaileei hurbiltzea, modu praktikoan, hurbilean eta beren errealitate desberdinetara egokituta, gizartean parte har dezaten eta ingurunean integra daitezen. Erroak Sartu Elkartean uste dugu euskara ezinbesteko gizarteratze tresna dela gure zerbitzuetara etortzen diren pertsonen prozesuetan.

Ikasturte honetako jardueren amaiera gisa, Donostiako Aquariumerako bisita antolatu zen. Jarduera hori ikasgelatik kanpo kultura- eta aisialdi-gune batez gozatzeko sortu zen, aldi berean bizikidetza eta ikaskuntza partekatua sustatuz.

Txangoak hiriko gune kultural enblematikoenetako bat ezagutzeko aukera eman zion taldeari, giro ludiko eta lasaian, parte hartzaileen arteko harremanak erraztuz eta ikasturtean zehar sortutako loturak indartuz.

Erroak Sartu Elkartean uste dugu horrelako jarduerek taldeetan egindako lana osatzen dutela, parte hartze komunitarioa, sare sozialen sorrera eta inguruko kultur baliabideetara hurbiltzea bultzatzen baitute.

Eskerrak eman nahi dizkiogu Urrats Euskaltegiari ikasturte osoan zehar izan duen laguntzagatik eta konpromisoagatik, baita Aquariumeko langileei ere, egindako harreragatik, eta esperientzia honetan parte hartu duten pertsona guztien parte-hartzeagatik eta inplikazioagatik.

Kategoriak
Gizartearekiko konpromisoa

Euskararen Nazioarteko Eguna 2025: Erroak Elkarteak euskararekiko konpromisoa indartu du

Urtero, abenduaren 3an, Euskararen Eguna ospatzen dugu, gure hizkuntza zaindu eta indartzearen garrantzia gogorarazten digun eguna. Erroak Elkartean euskara gure historiaren, gure nortasunaren eta gure zerbitzuetan parte hartzen duten pertsonei laguntzeko dugun moduaren parte da.

Sustraietatik Adarretara proiektuarekin, pauso sendoak ematen jarraitzen dugu euskara erakundearen egunerokoan integratzeko. Proiektu hau 2028an euskara gure barne eta kanpo jardueran bermatuta egongo den kudeaketa eredu bat finkatzera eramango gaituen plan estrategikoaren parte da.

Barrutik sortutako konpromisoa (Sustraiak)

2024an eta 2025ean, gure taldeek motibazio, prestakuntza eta hausnarketa espazioetan parte hartu dute, eguneroko lanean euskararen erabilera bultzatzeko. Horretarako, hainbat dinamika egin ditugu, hala nola gure mintzagrama lantzea, EuskaraTRATUAK edo Euskaraldian parte hartzea. Dinamika horiek talde bakoitzak bere erritmoan aurrera egiten laguntzen dute, hizkuntza-praktikak hobetzeko erronkak eta proposamenak partekatuz.

Eta kanporantz hedatzen da (Adarrak)

Proiektuak inguruko erakundeekin ditugun aliantzak ere indartzen ditu. Donostiako Udala, Urrats euskaltegia, Bagera eta euskalgintzako beste eragile batzuekin elkarlanean ari gara, erabiltzaileek orientazio, prestakuntza eta laguntza zerbitzuetan euskara ikasteko, praktikatzeko eta erabiltzeko aukera errealak izan ditzaten.

Prestakuntza tailerretan euskarazko materialak, egokitutako jarduerak, rol jokoak, ikusizko hiztegia eta modulu espezifikoak eskaintzen ditugu arreta soziosanitarioan, iturgintzan, soldaduran edo ostalaritzan prestatzen ari direnentzat.

Euskara inklusiorako tresna gisa

Gizartean parte hartzea, enplegagarritasuna eta aukera berdintasuna errazten dituen tresna gisa sinesten dugu euskara. Horregatik, Erroak Elkartean eskaintzen ditugun orientazio, prestakuntza eta laguntza prozesu guztietan presente egotea nahi dugu.

Euskararen Egunean lortutako aurrerapenak ospatzen ditugu, eta, batez ere, euskara sustraietatik adarretaraino indartzen jarraitzeko konpromiso kolektiboa berresten dugu.

ZUGAN, NIGAN, GUGAN

Kategoriak
Euskera

AhoBizi, BelarriPrest… BihotzBero

Aurreko edizioetan bezala, Erroak Elkartean gogotsu bat egin dugu Euskaraldia 2025ekin, eguneroko bizitzan euskararen erabilera sustatzeko gizarte ekimenarekin. Erakundeko kide garen guztiok euskararen aldeko dinamika honetan dugun rola aukeratu ahal izan dugu: AhoBizi edo BelarriPrest, gure aukeren eta hizkuntzaren erabilerarekin ditugun konpromisoen arabera.

Gure erakundean, gainera, gure euskaratratuekin lanean jarraitzen dugu, elkartearen barruan zerbitzuen egunerokoan eta harreman profesional eta pertsonaletan euskararen erabilera indartzen laguntzen diguten hizkuntza konpromisoak baitira.

Baina aurten, beste pauso bat eman nahi izan dugu.

Uste osoa dugu Euskaraldia aniztasunetik parte hartzeko gonbidapena dela, eta horregatik bultzatu dugu hirugarren parte-hartze profil bat: “BihotzBero“. Rol berri hori gure zerbitzuetara jotzen duten eta, oraindik euskara ulertzen ez duten arren, ekimena babestu eta hizkuntzarekiko hurbiltasuna, errespetua eta borondatea erakutsi nahi duten pertsonentzat pentsatuta dago.

“BihotzBero” profilarekin, Erroak Elkartera etortzen diren pertsona guztiek, euskara maila edozein dela ere, Euskaraldian parte hartu ahal izatea nahi dugu. Euskaraz hitz egitea baita ere entzutea, errespetatzea, bultzatzea… eta denon artean egitea.

Gure bihotzaren taupadak… euskaraz dira.

 Eman pausoa, parte hartu, eta izan zure rola Euskaraldian!

Kategoriak
Euskera

EuskaraTRATUAK

Aste honetan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu da, abenduak 3.

75 urte bete dira lehenengo aldiz ospatu zenetik.

Eusko Ikaskuntzak sustatu zuen, garai hartan euskararen unibertsaltasuna aldarrikatu nahi zuelako eta munduan bizi ziren euskaldunei dei egin nahi zielako “lotsagarria litzatekeelako gure hizkuntza galtzen ikustea”.

Gure erakundean hizkuntza-normalizazioarekin dugun konpromisoa islatzen da, pertsonek gure entitatearekiko harremanetan euskara eta gaztelania erabiltzeko duten eskubidea bermatuz eta euskal hizkuntza eta kultura ikasteko ekintzak sustatuz, gizarteratzeko beste bide bat den aldetik.

Aurten, gainera, Erroak Elkartean lan egiten dugunon artean euskara bultzatzen jarraitzeko, euskaraTRATUAK egitea proposatu dugu: nireTRATUA (Pertsona batek bere buruarekin egiten duen tratua, lanean zein lanetik kanpo, euskara gehiago erabiltzeko) eta gureTRATUAK (lankideen artean hartutako konpromisoak).

Ideiak oso harrera ona izan du, aldaketa handiak lortzen dituzten konpromiso txikiak.

Nik euskaraz, zuk zergatik ez?

Kategoriak
Euskera

Euskaraz bizi nahi dugu

Erroak Elkartean pentsatzen dugu gizarteratzeari eta laneratzeari buruz hitz egiten dugunean, alde batera utzi ezin dugun alderdietako bat hizkuntza eta kulturara hurbiltzea dela, prozesuaren funtsezko zati moduan. Euskara gizarteratzeko tresna zoragarria dela uste dugu, eta, horregatik, gure gizarte- eta hezkuntza-prestakuntzako baliabideetan hizkuntzara eta kulturara hurbiltzeko apustua egin dugu.

Ekimen hau oso harrera ona izaten ari da gure zerbitzuetara etortzen diren pertsonen artean, eta bere egunerokoan ikasitakoa barneratzen ahalegintzen ari dira. Horregatik, aurten Euskararen eguna beraiei eskaini nahi diegu:

Bejondeizuela!