Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkar EKIN Gizarteratzeko II. Planaren barruan, Erroak Elkartea, Beterri Buruntzarekin lankidetzan, Ostalaritza Ibilbide bat egiten ari da, eta bertako ikasleak Lizeaga Sagardotegia bisitatzera joan dira.

Ibilbide hau Beterri Buruntza eskualdean ostalaritzaren arloko prestakuntza praktikoaren bidez enplegagarritasuna eta gizarteratzea hobetzeko garatutako ekintzen parte da.
Esperientzia oso interesgarria izan zen. Sagardoaren prozesu osoa ezagutzeko eta esperientzia gozo batekin amaitzeko aukera izan genuen.

Bisitaldiari esker, sagardoaren historia eta elaborazio prozesua sakon ezagutu ahal izan ziren: sagarrondoen zaintzatik eta sagarrak biltzeko prozesuetatik hasi eta sagardoaren ekoizpen, hartzidura eta kontserbaziora arte.
Jardunaldian sagar zuku goxoa dastatu genuen, eta upeltegia eta jangela ezagutzeko bisita gidatuaz gozatu genuen. Amaitzeko, esperientzia gastronomiko bat eskaini ziguten, eta bertako produktuekin egindako txorizo eta gazta ogitartekoak zerbitzatu zizkiguten.

Bisita Telmo Iruretagoienaren eskutik egin zen, eta eskerrak eman nahi dizkiogu emandako arretagatik eta partekatutako azalpen interesgarriengatik. Erroak Elkartetik ere gure esker ona adierazi nahi diogu Lizeaga sagardotegiko talde osoari, izan duen harreragatik eta ikaskuntza, tradizioa eta bizikidetza uztartu zituen egun aberasgarria bizitzeko aukera emateagatik.
