Aste honetan hasi dugu Andoain Margotzen, zortzi emakumeri pinturan trebatzeko eta udalerrian lan kontratu bat lortzeko aukera emango dien enplegu eta prestakuntza programa.
Programaren aurkezpenean Andoni Alvarez Andoaingo alkatea izan dugu, eta Udalak gaitasun profesionala sustatzeko eta aukerak sortzeko duen konpromisoa erakutsi du, gizarteratzea eta laneratzea bultzatzeko funtsezko tresna gisa.
Proiektua Lanbidek diruz lagundutako Lehentasunezko Arretako Kolektiboentzako Enplegu Programa Integralaren barruan (CATP) gauzatzen da. Prestakuntza teknikoa, zeharkako gaitasunen garapena eta banakako laguntza uztartzen ditu. Helburua argia da: parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzea eta sektorean laneratzen laguntzea.
Lehen fasean, taldeak 110 orduko prestakuntza egingo du pinturan, eta barruko eta kanpoko teknikak landuko ditu. Ondoren, Andoaingo Udalak parte-hartzaileak kontratatuko ditu sei hilabetez, jardunaldiaren %75ean. Aldi horretan, pintura-lanak egingo dituzte hainbat udal-lokal eta -espaziotan, barrukoak zein kanpokoak.
Alde teknikoaz gain, programak zeharkako gaitasunei, lan orientazioari eta laguntza pertsonalizatuari buruzko prestakuntza jasotzen du. Lan integral horrek konfiantza, autonomia eta lan merkaturako prestakuntza indartzen ditu.
Andoain Margotzenek ingurune hurbilean benetako enplegu-aukerak sortzearen eta komunitatean eragin zuzena izango duten hazkunde pertsonaleko eta profesionaleko prozesuak bultzatzearen alde egiten du.