Kategoriak
Enplegua

“Andoain Margotzen” abiatuko dugu: 8 emakumerentzako prestakuntza eta enplegua pinturan

Aste honetan hasi dugu Andoain Margotzen, zortzi emakumeri pinturan trebatzeko eta udalerrian lan kontratu bat lortzeko aukera emango dien enplegu eta prestakuntza programa.

Programaren aurkezpenean Andoni Alvarez Andoaingo alkatea izan dugu, eta Udalak gaitasun profesionala sustatzeko eta aukerak sortzeko duen konpromisoa erakutsi du, gizarteratzea eta laneratzea bultzatzeko funtsezko tresna gisa.

Proiektua Lanbidek diruz lagundutako Lehentasunezko Arretako Kolektiboentzako Enplegu Programa Integralaren barruan (CATP) gauzatzen da. Prestakuntza teknikoa, zeharkako gaitasunen garapena eta banakako laguntza uztartzen ditu. Helburua argia da: parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzea eta sektorean laneratzen laguntzea.

Lehen fasean, taldeak 110 orduko prestakuntza egingo du pinturan, eta barruko eta kanpoko teknikak landuko ditu. Ondoren, Andoaingo Udalak parte-hartzaileak kontratatuko ditu sei hilabetez, jardunaldiaren %75ean. Aldi horretan, pintura-lanak egingo dituzte hainbat udal-lokal eta -espaziotan, barrukoak zein kanpokoak.

Alde teknikoaz gain, programak zeharkako gaitasunei, lan orientazioari eta laguntza pertsonalizatuari buruzko prestakuntza jasotzen du. Lan integral horrek konfiantza, autonomia eta lan merkaturako prestakuntza indartzen ditu.

Andoain Margotzenek ingurune hurbilean benetako enplegu-aukerak sortzearen eta komunitatean eragin zuzena izango duten hazkunde pertsonaleko eta profesionaleko prozesuak bultzatzearen alde egiten du.

Kategoriak
Enplegua

Erroak Elkartea EITBn: Muralismo komunitarioa Andoainen

EITBko “Quédate” programak Andoaingo Udalarekin batera bultzatzen dugun muralismo komunitarioko programari buruzko erreportajea eman du irailaren 30ean.

Muralismo Andoainen

Proiektu honek espazio publikoak eraldatu nahi ditu hiriko artearen bidez, herritarren parte-hartzea bultzatuz eta parte-hartzaileei sorkuntza kolektiboko eta ikaskuntzako ingurune bat eskainiz.

Emakumeak murala marrazten

Ekimen honen bidez, langabezian dauden emakumeei lan-kontratu bat eskaintzen zaie, lan-merkatuan sartzeko aukerak hobetzeko tresnak ematen saiatuz. Ahalduntzea da helburu nagusia, bai muralista gisa egindako lanaren bidez, bai hezitzaile taldearen laguntzaren bidez.

Modu berean, sei hilabeteetan zehar jasotzen dituzten banakako orientazioen bidez, bakoitzaren ibilbide formatibo-laborala definitzea bilatzen da. Honela, helburuak betetzeko eman beharreko pausuak zehazten dira eta programa amaitzerakoan markatuak dituzten laneratze prozesurako lehenengo pausuak emateko prest daude. 

Muralimo programan parte hartu duten emakumeak

Erreportajean Andoainen egindako lanaren zati bat erakusten da, baita parte hartzaileen eta ekimena bultzatzen dutenen testigantzak ere, muralismoak gizarteratzeko, adierazpen artistikorako eta kohesio komunitariorako tresna gisa duen balioa nabarmenduz.

Erroak Elkarteak Muralismo programa egin du Andoainen

Erroak Elkartetik eskerrak ematen dizkiogu EITBri proiektu hau zabaltzeagatik eta Andoaingo Udalari gizarte parte-hartzaileagoa, inklusiboagoa eta sortzaileagoa eraikitzen laguntzen duten ekimenak bultzatzeagatik.

Erreportaje osoa EITBren webgunean argitaratutako bideo honetan ikus dezakezue, irailaren 30eko “Quédate” saioan, 41:35 minututik Aurrera, edo programaren Instagrameneko esteka honetan.

Eta Andoainen paseatzera gonbidatzen zaituztegu, hilabete hauetan zehar hurbilagoak, koloretsuagoak eta abegikorragoak izateko eraldatzen joan garen espazioak berriz deskubritzeko.