Kategoriak
Gizarte eta hezkuntzako prestakuntza

Hitz egiten duten objektuak, geratzen diren ikaskuntzak

Bidean gizarte eta hezkuntzako tailerrean, amaiera eman berri diogu altzariak zaharberritzeko moduluari. Etapa horretan, parte-hartzaileek aukera izan dute hainbat material zaharberritzeko oinarrizko teknikak ikasteko eta praktikan jartzeko: zura, metala, tapizgintza, besteak beste.

Hainbat astez, tresnekin eta materialekin ez ezik, pazientziarekin, sormenarekin eta ahaztuak ziruditen objektuei bigarren bizitza bat emateko balioarekin ere lan egin dugu. Zaharberritutako pieza bakoitzak istorio bat kontatzen du, eta prozesu bakoitza esperientzia partekatutik ikasteko aukera bat izan da.

Modulu honen unerik berezienetako bat Gordailua , Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa, bisitatzea izan da. Bertan, kultur ondarearen kontserbazio eta kudeaketa lana gertutik ezagutzeko bisita gidatu bat egiteaz gain, zentroak berak zaharberritzeko utzitako hainbat objektu jasotzeko pribilegioa izan genuen. Lankidetza hori esperientzia aberasgarria izan da, eta modulu honen ikaskuntzari balio erreala eta sinbolikoa gehitu dio.

Orain, energiak berrituta eta tresnak prest ditugula, bidearen hurrengo zatiari ekiteko prestatzen ari gara: bizikletak zaharberritzeko moduluari. Erronka berriak, teknika berriak eta eraikitzen, konpontzen eta ikasten jarraitzeko gogo handia.

Aurrerapenak partekatzen jarraituko dugu… Bidean ikusiko dugu elkar!

Kategoriak
Gizarte eta hezkuntzako prestakuntza

Bisita Chillida Lekura

Joan den astean, gure Inklusiorako Eguneko Zentrotik oso irteera berezia egin genuen: Chillida Leku museoa bisitatu genuen, natura eta artea harmonia ezin hobean uztartzen dituen espazio paregabea.

Jarduera hau gizarteratzeko tresna gisa kulturarako sarbidea sustatzeko dugun konpromisoaren barruan kokatzen da, gure zentroan parte hartzen duten pertsonei gozatzeko, deskubritzeko eta partekatzeko aukera emango dieten esperientzia aberasgarriak eskainiz.

Bisitaldian, Eduardo Chillida eskultorearen lana gertutik ezagutzeko, museoko lorategi ederra arakatzeko eta artea pertsona guztientzako topaleku eta adierazpide izan daitekeela hausnartzeko aukera izan genuen, haien egoera pertsonala edozein dela ere.

Gozamen estetikotik haratago, horrelako irteerek aukera ematen dute loturak sortzeko, elkarrizketak sortzeko eta komunitateko kide izatearen sentimendua indartzeko. Irmoki uste dugu kulturak pertsona guztien eskura egon behar duela, eta bide horretan egunez egun lanean jarraitzen dugu.

Chillida Lekuren taldeari eskerrak eman nahi dizkiogu bere harreragatik eta gertutasunagatik, baita jardunaldi berezi honetan parte hartu zuten pertsona guztiei ere.

Kategoriak
Gizarte eta hezkuntzako prestakuntza

Zerain Museo Etnografikora bisita

Museo honek Goierriko herri honetako bizimoduaren eta ohituren bilakaera erakutsi nahi du. Museoko hainbat ataletan tresnak, altzariak, lanabesak, dokumentuak… biltzen dira, Zerainek bizi izandako biziraupen prozesu historikoa adierazten dutenak, garai bateko nekazaritza eta artzaintzatik hasi eta meatzaritza garaitik igaroz, gaur egun arte.

Museo Etnografikora joan diren pertsonek bisita gidatua egin dute eta kandela-tailer batean parte hartu dute, bakoitzak bere kandela eginez.

Jarduera hau Donosti Tailerren proiektuaren inguruko komunitate- eta ezagutza-jardueren esparruan egin da, Gertu Kulturaren bidez. Sare inklusibo horrek kultur programatzaileak eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen kolektiboekin lan egiten duten gizarte erakundeak batzen ditu, pertsona guztiei kulturara iristeko eskubidea errazteko.

Kategoriak
Gizarte eta hezkuntzako prestakuntza

Baratze urbanoak gizarteratze prozesuan

EtxeEKOlanda proiektuak prestakuntza, partaidetza eta sentsibilizaziorako topagune izan nahi du baratze ekologikoak egiten hasi nahi duten guztientzat.

Horretarako, Donostiako kultur etxe eta udal ekipamenduetako terrazetan eta lur-eremuetan barazkiak landatzeko espazioak prestatu ditu, eta, horrela, aire zabaleko ikasgelen benetako sarea osatu du.

Aurrera taldeak Lugaritzko kultur etxean nekazaritza ekologikoarekin izan ditu lehen topaketak. Gune horretan, ingurumen-hezkuntza, naturarekiko eta nekazaritzarekiko harremana eta, aldi berean, eremu komunitarioetan parte hartzea zerbitzuko parte-hartzaileen inklusio-prozesuetan sartzen dira.

Kategoriak
Gizarte eta hezkuntzako prestakuntza

Estereotipoak apurtuz

Donostiako Udaleko Tailer sozioedukatiboetan Kera Elkartearen bisita izan dugu Donostiako Emakume etxeak antolatuta.

Kera emakume ijitoen elkarte bat da, Gipuzkoan zehar lan egiten du Ijito Herriaren eta bereziki emakume ijitoen bizi-balndintzak hobetzeko.

Elkartea eta egiten duten lana aurkezteaz gain, emakume ijitoen historia, ekarpenak eta bisibilizazioaz hitz egin digute. Ekintzaren helburua nagusia emakume ijitoen estereotipoak apurtzea eta emakumeen arteko sareak sortzea da.

Giro atsegin batean hausnarketarako aukera izan dugu. Mila esker!

Kategoriak
Gizarte eta hezkuntzako prestakuntza

Emari taldea Kontxan

Egindako jarduera Donostiako Emakumeen Etxeko bizitzarekin lotutako elkarteetan parte hartzen duten emakumeei zuzenduta dago. Hau da Erroak Elkartearen kasua.

Jarduera honen helburua da emakume horiek aldizka joaten diren osteopatia-saioetan hasitako gorputzaren autoezagutzarekin jarraitzea. Autoezagutza, gidatutako ariketa fisikoaren bidez eta taldekatuta, inguratzen dituen ingurune naturalean: itsasoa, hondartza eta Kontxako inguruak.

Xedea da emakume horiek hasi duten gorputzaren ahalduntze prozesu kolektiboa eta feminista babestea, autozainketaren eta zaintza kolektiboaren bidez.

Kategoriak
Gizarte eta hezkuntzako prestakuntza

Argazki kamera lata batekin

Sinestezina bada ere lata batekin haiek sortutako kamerarekin argazkiak errebelatzen ibili dira Donostiako Udaleko tailer sozioedukatiboetako partaideak.

Donostiako Udaleko tailer sozioedukatiboetan “Sortu Kamara Lata Batekin” tailerra egin dugu Nagore Legarreta argazkilariaren eskutik.

Tailerraren helburua erreziklatutako materialak erabiliz argazki kamerak eraikitzen ikasi eta gure ingurua erretratatzea da. Emaitzak errebelatu dituzte gela ilunean eta ondoren irudi hauetako batzuekin positiboak egin dituzte.

Prozesu honetan argazkilaritzaren oinarrietara jo dute eta ezustez betetako prozesu zirraragarri honekin izugarri gozatu dute.

Kategoriak
Gizarte eta hezkuntzako prestakuntza

Balenciaga museora bisita

Tailerraren helburuak jantzitako gorputzaren esanahiaren inguruko erreflexioa egitea eta estereotipo femeninoen gaineko hausnarketa eta ikuspegi kritikoa sustatzea dira, beti ere nesken eta emakumeen ahalduntzea ahalbidetzeko.

Hiru saio hauen helburu zehatza hauek izan dira:

  • Museoak adierazitako narratibak aztertzea eta horien inguruko gogoetak sortzea género-ikuspegitik, eta janzkeraren irakurketa antropologikoak egitea.
  • Gorputzaren eta jantziaren arteko harremana nabarmentzea, eta fenomeno horiek testuinguruan kokatzea, femeninoa ikuspegi patriarkaletik eraikitzen duten estereotipoak identifikatzeko eta zalantzan jartzeko.
  • Estereotipo femeninoei buruzko hausnarketa eta ikuspegi kritikoa sustatzea, balioak aldatzeko eta neskak eta emakumeak ahalduntzeko.
  • Aniztasunarekiko errespetua sustatzea, gizarte ekitatiboa, inklusiboa eta askea eraikitzen laguntzeko.

Taldearentzat esperientzia oso polita izan da, guztiz aberasgarria eta Balenciaga Museoarentzat eta Oihana Marcorentzat ez dugu esker oneko hitz besterik. Eskerrik asko guztiagatik eta espero dugu horrelako lankidetzak gehiagotan egiteko aukera izatea.

Kategoriak
Gizarte eta hezkuntzako prestakuntza

Aquariumera bisita

Aquariumera bisitan joan ginen Etengabeko Ikaskuntzako Tailerren Sareko Iturgintza taldearekin, ingurunea ezagutzeko irteera eta moduluaren amaiera gisa.

Horrela, amaitutzat eman dugu eraikuntza hastapeneko prestakuntza-ibilbidea, ikasleak soldadurako, pinturako eta iturgintzako moduluetatik igaro baitira.

Ikasturte honetan, lanbide-hastapenei buruzko prestakuntza-ibilbidea etxetresna elektrikoak, ehunak, oinetakoak eta bizikletak konponketa eta birziklatzea izango da.

Kategoriak
Gizarte eta hezkuntzako prestakuntza

Lantegi Sareak Saltoki bisitatu du

Saltoki gure iturgintzako, klimatizazioko eta berokuntzako ikastaro eta tailerretako materialen hornitzailea da.

Oiartzungo dendako arduradunak artatu gintuen eta dendako eta biltegiko produktuak eta materialak erakutsi zizkigun. Gainera, talde-lanaren balioaz, ondo egindako lanaren asebetetzeaz eta ilusioaz eta laneko seriotasunaren balioaz hitz egin zigun.

Eskertzen diogu bere hurbiltasuna eta, batez ere, mezuaren garrantzia, oso motibagarria izan baita ikasleentzat.